XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ikusmolde ezezagunak erakusten dizkiguten paralelismoak ere mintzagai izango ditugu.

Gure asmoa, Oteizak poetekin duen elkarrizketatik gure poetaren egiazko argazkia ateratzea da.

Tradizio poetiko moderno baten azken ordezkariari (eskulturako tradizioarena ere halaxe da) egingo diogu argazkia.

Poeta bihurtutako eskultorearen kasua ez da ugari izaten disziplina bat baino gehiagotan dabiltzan artistengan.

Hala ere, aurrekari ospetsuak badira Migel Anjelengan Errenazimentuan edo Hans Arp-engan arte modernoan.

Migel Anjelen lan poetikoari bere balioa eman diote duela gutxi Wordsworth, Rilke edo Thomas Mann-ek.

Maitasun-sonetoak dira, kutsu neoplatonikoa dutenak, eta azken garaiko beste batzuk erlijio-kutsukoak; Oteizaren poesiaren zentzuarekin harreman nabarmena dutenak.

Oteizaren arabera Migel Anjel ahur eta betearen eskultore zen eta Juan de Valdés zein Savonarola-ren izpiritualtasun indartsu, heterodoxo eta kontrarreformistaren eragina zuen.

Bizitzaren hondarrean begirada Jainkoarengana bihurtu eta bere obra ukatu egin zuen.

Pietà Rondanini-ko biluztearen eta preziosismo ezaren etapa da, honako ahapaldi hauek idatzi zituelarik:

Munduak nahi duena gorrotaraz nazazu / halaber ondratzen eta lantzen ditudan edertasunak / hil baino lehen betiereko bizia izan dezadan.

Edo Zeruan bakartzat edukiko nukeen edertasun bakan eta gorena, / mundu makur eta anker honetan baino gehiago (...) zuregatik baino ez zen jaio; eta egiten ez nuke jakingo / burdinaz harritan, ezta pintzelez kartoian ere.

Edo beste gogoeta gogor hau: Fantasia grinatsua / arteak nire idolo eta errege bihurtutakoa / akatsez betea dela jakin dut orain, eta azkenean Ez pintatzeak eta ez eskultura egiteak (...)